Udalak mahai inguruak antolatuko ditu metroari buruzko berriak eta proiektuen egoera azaltzeko. Herritarren iritziak barneratu eta dagokien erakundeetan Galdakaoren iritzia defendatuko dugu, Metroa Galdakaora iritsi dadin bultzada instituzionala emateko.
Metroaren proiektuari bultzada eman nahian hainbat urrats egin ditugu instituzionalki, eta lan horiek, herritarren bultzadarekin batera, eman dute fruitua; azkenik, Metroa Galdakaora iritsiko dela eta lanak urrian hasiko direla iragarri dute:
- Bizkaiko Aldundiaren asmoen berririk ez izatean, Unai Rementeria ahaldun nagusiarekin bilera eskatu zuen Udalak. 2021eko otsailaren 25ean egin zen lehen batzar hori. Alkateak eta alkateordeak elkarlana proposatu zioten Aldundiari, eta, beharrezko izatekotan, Metroa Galdakaora ekartzeko proiektua diruz laguntzeko prestutasuna ere adierazi zion Udalak.
- Erantzunik eman ez eta, Europako funtsen menpe jarri zuen proiektua Aldundiak.
- Hala ere, bai Udalaren eta bai herritarren eskaera etengabea mantendu da, eta, Europako funtsik gabe ere Metroa Galdakaora iritsiko dela jakinarazi dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Metroaren 5. Linea eraikitzeko lanak urri aldera hasiko direla adierazi dute, eta lehen bi faseak 2027an martxan egongo direla: Sarratutik Aperribairako tartea eta Aperribaitik Galdakao erdialderakoa. Ondoren etorriko dira beste bi zatiak, eta Usansoloko Ospitalera 2028 amaieran edo 2029 hasieran iritsiko dela aurreikusten da.
-
2022ko ekainaz geroztik, Partaidetza eta Gardentasun Arloa harremanetan dago ETSrekin, Metroaren 5. lineari buruzko foro bat sortzeko eta informazioa emateko. Hainbat hilabetez harremanetan egon ondoren, eta zain egon ondoren, azkenean, 2022ko abenduan, foroa aurkezteko aukera izan genuen, eta ETSko arduradunek hitzaldi informatibo bat egin zuten Torrezabalen. Halaber, foroa sortzeko proiektuaren zati bat https://erabaki.galdakao.eus parte hartze plataforman gaiari buruzko guneĀ bat argitaratzea ere bada, proiektuari buruz eskuragarri dagoen informazio guztia biltzen duena: kronologia, galdera berriei erantzuteko aukera ematen duten ohiko galderen atala, topaketei buruzko informazioa, jarraipenerako bloga, etab.