Haur guztiek izan dezaten herriko parkeez gozatzeko aukera, elbarritasunik dutenentzat ere egokituko dira jolas guneak.
Parke, jolasgune eta zabu batzuk berritu edo egokitu egin dira, irisgarritasun irizpideekin: Pertxin Bideak, adibidez, jolasgune berri bat du, non habia bat jarri den, zirkularra, edozein pertsonaren sarrera oztopatzen duen hesirik gabea. Kulunka mota hori inklusiboa da, haur guztiek erabil dezaketelako.
Urretako jolasgunea ere ikuspegi inklusiboa oinarri izanda berritu da, eta Berezikoetxen irisgarritasuna errazteko neurriak hartu dira, ama batek hala eskatuta. Lekubason eraiki den jolasgune berrian bereziki zaindu dira inklusio eta irisgarritasun irizpideak.
Galdakaoko Udalak irizpide horiek izaten jarraituko du aurrerantzean egingo dituen esku hartzeetan, haur guztiek izan dezaten euren parkeez gozatzeko aukera.